Ezkerraberrik bat egin du 'Batuz aldatu' dokumetuarekin
Fitxategiak
Euskalgintzako Kontseiluak bultzatutako 'Batuz aldatu' dokumentuarekin bat egin du Ezkerraberrik, uste baitugu euskararen geroa bermatzeko hizkuntza-politika eraginkorragoak beharrezkoak direla
Batuz aldatu izena hartu du Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialen ekimenak. Jauzia egiteko garaia da: hizkuntza-eskubideen alde, gizarte kohesioaren alde, euskararen alde. Eta horretarako, ekainaren 19an aurkeztutako dokumentuak hizkuntza-politika berrirako bide-orria izan nahi du.
Proposamena hainbat printzipiotan dago ardaztuta: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza-eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza-politikaren zeharkako izaera, normalizazio-prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Betiere, hizkuntza-politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartuta garatu behar denaren oinarritik abiatuta.
Etorkizuneko agertokirako helburu nagusia honakoa da: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Horretarako, hizkuntza-eskubideak eremu guztietan bermatu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan.
Bide horretan, bi norabidetze ezarri dira. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.