IKUS-ENTZUNEZKOEN ERRONKAK EUROPAKO HIZKUNTZA EZ-HEGEMONIKOENTZAT
Urteak dira jada ikus-entzunezkoak kontsumitzeko erak aldatu direna (eta aldatuz doaz etengabe). XXI. mendearen hasieran, telebistan, zineman eta DVDetan ikusten genituen ikus-entzunezkoak, horiek ziren plataforma nagusiak. Digitalizazioarekin eta, batez ere, Youtube plataformaren hedatzearekin etorri dira ohitura berriak.
OHARRA: aretoaren edukiera bete dugu. Izena ematen baduzu, itxarote-zerrendan geldituko zara eta tokia izanez gero abisatuko zaitugu. Streamingez ematea aztertzen ari gara.
Gaur, ikusleek beren egokiera eta gustuetara moldatuko diren eskaintzak bilatzen dituzte: batzuek betiko telebista eta zinema saioekin egiten dute bat —ohiko ordutegi eta ezarritako programazioari jarraitzen diete—; ordutegiari jarraitu ezinik dabiltzanek grabatu ere egingo dituzte saio batzuk edo oraindik DVDak erosiko dituzte; beste batzuek irrati-telebista korporazioek Interneten dituzten nahierako aukeretan bilatzen dituzte euren eduki gogokoenak; askok Interneteko kanaletara jotzen dute zuzenean, itsaso handi horretan nahi duten 'arrantza' egitera; azkenik, gero eta kontsumitzaile gehiagok ordainpeko plataformetan asetzen dute gosea, batik bat (modako) film eta serieena.
Plataforma horiek guztiak medio, ikusleek mundu osoko edukietara iristeko bideak bilatzen eta aurkitzen dituzte. Urrutiko hizkuntzak ez ezagutzeak sor ditzakeen 'trabak' itzulpen bidez gainditu ohi dira, normalean ekoizleek 'ingelesera' ekarri ohi dute-eta nazioartera zabalduko den bertsioa.
Panorama horretan, gure inguruko hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako edukiek ere beren lekua bilatu behar dute, hizkuntza nagusien 'itsasoan' galduta geratu nahi ez badute. Mainstream-eko edukiz bestekoak izanik, ikusleak ez ditu beti eroso eta eskueran aurkitzen bere kultura-hizkuntzetan ekoitzitako piezak (euskaraz sortuak), are gutxiago bere hizkuntzara ekarritakoak (euskarara ekarriak). Ez behintzat, gordailu edo banatze-plataforma ondo hornituetan eta guztientzat ezagunak direnetan aurkitu ezean.
Hizkuntza ez-hegemonikoetan bizitzeko asmoari helduko badiogu, komunikazio sistemak, eta ikus-entzunezkoetakoak bereziki, behialako ahalegina egin beharko du datozen urteetan ikusleak eta herritarrak bere kulturara biltzen: eduki ekoizleak, irrati-telebistetako buruak, plataformetako arduradunak, hizkuntza planifikatzaileak, gobernuak... eta herri ekimeneko beste hainbat protagonistak ere zeregin garrantzitsua dute epe laburrean, telebisten hasieran ere izan zuten moduan. Eta orkestra baten eran, konpas bateratuan sortuko dute musikarik ederrena.
Programa
8,45 – 9,00 h: dokumentazioa jasotzea
9,00 – 9,30 h: Sarrera-hitzak: Antolatzaileen ordezkarien agurra
9,30 – 10,30 h: Hitzaldi nagusia: Ikus-entzunezkoak Europan: egoera eta joerak
- Enric Marín Otto, Kataluniako Hedabideen Korporazioaren lehendakari ohia
10:30 – 12,00 h: Mahai ingurua: Akademiaren ikuspegia: Nolako Ikus-entzunezko hedabideak behar ditugu estaturik gabeko herrietan?
- Josu Amezaga, Euskal Herriko Unibertsitatea.Telebista publikoaren funtzioak: Ikuspegi orokorra.
- Elin Haf Gruffydd Jones, Mercator Internationaleko zuzendaria. Galeserazko fikziogintza
- Laura Santamaria Guinot, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa. Katalanera ekarritako kanpo-produkzioak
Moderatzailea: Kike Amonarriz
12,00 – 12,30 h: Atsedenaldia:
12,30 – 14,00 h Mahai ingurua: Sektorearen esperientzia: Fikzioa bildu eta hedatzeko plataformak
- Jon Artatxo, Ibaia
- Jaume Ripoll, Filmin
- Carlos Ares, Produccions Zopilote, Galizia,
Moderatzailea: Marta Piñeiro, fikzio-zuzendaria
Oharrak:
- Gaztelania, euskara eta ingelesaren interpretazioa egingo da
- Sarrera libre da baina izena eman beharra dago: www.ezkerraberri.eus