Familia Politikak Ongizate Estatuan
Liburu honetan biltzen dira 2017ko urriaren 11 Ezkerraberri fundazioak eta EhuGunek antolatutako izen bereko jardunaldiko ponentziak
Ezkerraberri fundazioaren patronatuak 2015eko hondarrean aztertu eta eztabaidatu zuenean hurrengo urterako egitasmoa, proposatu ziren proiektu eta programen artean, bati berebiziko inportantzia eman zion. Ideia hauxe zen: krisi garai honetan aztertzea zein ekarpen politiko egin zekiokeen ezker soberanistari proiektu nazional bat abiatzeko. Ekarpen hori sektore edo esparru aukeratu batzuetatik abiatuta egitea proposatu zen.
Sei sektore nagusi identifikatu ziren. Horietako bati ‘herritarrak’ izena eman zitzaion. Argi zuen patronatuak herritarrik gabe ez dagoela herririk, lurraldeak bakarrik ez duela herri bat egiten. Herritar horiek bertan sortutakoak edo kanpotik etorritakoak izango dira. Edozein kasuetan ere, ezkerrak politikak eta jarduerarako lerroak identifikatu eta landu behar ditu herrigintzari begira. Estrategia bat beharrezkoa da. Alorreko adituak gonbidatu genituen mahai baten inguruan gogoeta egitera.
Foro horren konklusioetako bat izan zen familia-politikak oso ahulak direla Hego Euskal Herrian konparatuta Europako estatu aurreratuenekin eta, urritara joan gabe, Ipar Euskal Herrian aplikatzen direnekin. Hortaz, familia-politikei buruzko jardunaldi bat antolatzea erabaki zen, ildo horretako gogoetan sakontzeko. Jardunaldi horren ponentziak biltzen dira liburu honetan.
Jardunaldiaren testuingurua
Euskal gizarteak prozesu demografiko eta sozio-ekonomiko gogorrak bizi izan ditu II. Mundu gerraz geroztik. Burujabetasunik gabeko edo burujabetasun mugatuko egoeran kudeatu behar izan ditu hazkunde handiko garaiak eta baita gainbeherarenak ere.
Oro har, prozesu hauek muturreko ondorio sozio-ekonomiko eta demografikoak izan dituzte. XXI. mendean sartuta eta ongizate estatua desegiteko prozesu azeleratua bizi dugun honetan Euskal Herria eta berau osatzen duten eremu administratiboek ardura garrantzitsua dute politika publikoen bitartez, ongizate estatua bermatzen, eta batez ere, pobrezia zein gizarte bazterketa eragiten duten prozesuen inguruan politika orekatzaile eta birbanatzaileak indarrean jartzeko. Bide hori ezinbestean egin beharra du gure gizarteak osasuntsu iraun eta herri gisa garatuko bada.
Familia da arestian aipatu ditugun prozesuen protagonista eta biktimetako bat. Dela adineko senideen zaintza, dela belaunaldi gazteena, familiako zaintza ardurak dituzten pertsonen errenta, insertzio sozio-profesionala, (emakumearena batez ere)… familiak unitate moduan murrizketa eta zailtasun nabarmenak bizi ditu bere eginkizuna eraginkortasunez betetzeko. Horren ondorioz, halaber, bertan inplikatutako pertsonen garapen sozio-profesionala eta ekonomikoa auzitan ikusten dugu (lanaldi murriztuak, prekarietatea…) eta egoerarik ahulenean dauden pertsona gazte zein adinekoen zaintza eta ardura arriskuan (elikadura, ikasketak, sozializazioa). Gure herrian familiari lotutako prozesuen adierazle sozio-ekonomikoak gero eta adierazle eskasagoak dituzte. Ongizate estatuaren baitan familia-politikak berebiziko eginkizuna izango dute kohesio soziala garatzeko euskal gizartean.