Nolako euskal estatua
Ezkerraberrik etorkizuneko euskal estatuaz hausnartzeko jardunaldi batzuk antolatu ditu eta horien lehen saioaren berri eman du Berria egunkariak. Hemen duzue lotura zuzena.
(2016-ko Azaroaren 1ean Berrian argitaratua)
Aralarren fundazio Ezkerraberri «euskal nazioaren erronkez» jardunaldi batzuk egiten hasi da. Demografia eta aniztasuna aztertu berri ditu
Balizko euskal estatu batera abiatzeko» lan bati ekin dio Aralar alderdiak, bere fundazio Ezkerraberriren bidez «alor estrategiko» batzuei buruz jardunaldiak antolatuta. Oraingoz, topaketa bat egin du: joan den urriaren 15ean, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), Herritarrak gaitzat hartuta. «Horren barruan aztertu genituen demografia —bilakaera, adin piramidea...— eta aniztasunaren kudeaketa —generoa, ideologia, erlijioa; edo migrazioak eta xenofobia—», esan dio BERRIAri Inaki Irazabalbeitia Ezkerraberriko zuzendari eta jardunaldien koordinatzaileak. Hurrena lurraldetasunaz ariko dira —arazoaren 19an—, eta euskal sare instituzionala, errealitate administratiboak, barne kohesioa, Iparraldea-Hegoaldea harremanak eta Europako testuingurua izango dituzte hizpide. Hezkuntza, eredu sozio-ekonomikoa, gizarte zerbitzuak eta gobernantza aztertuko dituzte beste lau saioetan, eta datorren urteko udaberri aldera ondorioekin argitalpen bat aterako dute. Euskararen normalizazioaz saio bat antolatzeko asmoa zuten, baina albo batera utzi dute, «euskalgintza bera ari delako horretan».
Aralarrek, funtsean, «kezka» bikoitza dauka: nola lortu euskal estatua?; eta, nolako estatua eraiki? «Mundu globalizatu batean bizi gara. Neoliberalismo izena duen pentsamendu lerro batek globalizazioa aitzakia hartuta irteerarik gabeko egoera batera darama gizateria. Krisi ekonomikoa eta proposatzen diren konponbideak dira horren adierazleetako bat. Errefuxiatuen krisia da beste bat. Europan oinarrizko balioen krisia dugu. Ematen du elkartasuna, giza eskubideak eta demokraziakontzeptuak garai batekoak direla. Euskal Herrian ez gaude ataka horretatik kanpo», dio Ezkerraberrik jardunaldietarako osatu duen dokumentuak.
Integrazioaren beharrean
«Guk Euskal Herria elkartasunetik eta justizia sozialetik eraiki nahi dugu, eta pentsatzen dugu ariketa intelektual bat eginda proposamen batzuk mahai gainean jartzeko unea dela», azaldu du Irazabalbeitiak. «Esate baterako, demografiarekin oso kezkatuta gaude. Herritarrez osatzen da herri bat, eta, biharko egunean gure herri izaerari eusteko, hemengo jaiotza tasa txikiagatik kanpotik etorriko den jendearen integrazioa beharko dugu. Gai horiez ez da modu serio batean hitz egiten Euskal Herrian. Garaia da euskal nazioak dituen erronkei aurre egiteko. Helburu horrekin antolatu dugu gogoeta foro hau. Beraz, Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko ideien eztabaidan ekarpena egin nahi dugu».
Haren esanetan, Euskal Herriak ere behar du bere Liburua Zuria. Eskozian Alex Salmonden gobernuak Independentziarako Liburu Zuria aurkeztu zuen duela hiru urte. Katalunian, elkarlanean, Trantsizio Nazionalerako Liburu Zuria osatu zuten duela bi urte, «eta orain estatu egiturak eratzen ari dira», dio Ezkerraberriko zuzendariak. «Estatu bat ez da inprobisatzen. Hemen, hasteko, adostasun batzuk behar ditugu, sikiera. Liburu Zuria egiteak lan handia eskatzen du, baina hasi ezean... Beti daude aurreikusi ezin diren faktore batzuk, baina aurrelanak beti egin behar dira. Ideien eztabaida bat egitea dagokigu, eta beste ekinbide batzuk kontuan hartzea. Adibidez, Eusko Ikaskuntza mendeurrena betetzera doa, eta ari da lan batean. Osagarritasuna lortu nahi dugu».
Aralarren fundazioaren jardunaldiok ez dira irekiak, itxiak baizik. Gai bakoitzeko koordinatzaile bat egongo da, eta, aurretik, oinarrizko idatzi bat prestatzea dagokio. Aldiko lauzpabost aditu gonbidatuko dituzte —kasurako, lurralde oreka kontuan hartuta—, eta Ezkerraberriko kide gutxi batzuk ere egongo dira. Oraingoz, ez dute jardunaldietako partaideen izenik jakinaraziko. «Lasai hitz egiteko foroa izatea nahi dugu». Egun bateko saioak izango dira denak ere, eta baliteke beti ez aritzea Arantzazun. Ondorioak, argitaratzeaz gain, EH Bildu koalizioko beste partaideekin partekatuko dituzte.